• Español
  • Euskara

Karmele Jaio

Karmele Jaio

Cada obra escénica es una enseñanza colectiva sobre la vida, y nos acerca a ella a partir de lugares, miradas y sensaciones que solo el teatro nos puede ofrecer. Cercanía, sentimiento colectivo, y una oportunidad de reconocer mejor nuestra propia existencia a través de la representación de otras. Las artes escénicas nos ofrecen eso y mucho más.

Fikziora hurbiltzea ez da errealitatetik urruntzea, askok pentsatu dezaketen bezala. Antzezlan batek, pelikula batek, nobela batek gehiago hurbiltzen gaitu bizitzara eta arreta handiagoz bizitzeko aukera ematen digu. Fikzioa ondo zorroztutako orratz bat bezala sartzen da gure azalean, punta fineko istorio zehatz baten bitartez, eta kontatzen digun horretan geure burua aurkitzen dugu askotan. Izan ere, fikziozko pertsonaiak eta munduak ezagutzeak aukera ezin hobea eskaintzen digu geure mundua eta burua ere hobeto ulertzeko.

Mundua beste begirada batzuetatik ikusteak, gainera, zerbaiten parte izatearen sentimendua indartzen du gugan eta antzerkiaren kasuan, esperientzia kolektibo bat bizitzen ari garen sentipena oraindik indartsuagoa izaten da, duen presentzialtasuna eta hurbiltasun fisikoagatik. Une berean, leku berean, hainbat pertsona elkarrekin esperientzia estetiko bera bizitzen; antzerkiak eskaintzen digun aukera hau ez da erraza lortzen beste modu batera. Hona hemen literaturaren eta antzerkiaren arteko desberdintasunetako bat. Idazleak bere intimitatean idazten du, eta irakurleak ere bakarka irakurtzen du. Literaturan, bi intimitateen arteko topaketa urruna gertatzen da. Antzerkiaren kasuan, aldiz, nahiz eta gutako bakoitzak modu intimo batean sentitzen dugun ikusten ari garen obra, beste pertsona batzuekin batera bizi dugu momentu hori. Esperientzia artistiko eta estetiko hori elkarrekin bizitzeak munduan bakarrik ez egotearen sentimendua indartzen du, eta horregatik antzerkia gizarte-kohesioa indartzeko eta gizartea egiteko tresna baliagarria izan daiteke.

Garai zailak bizi ditugu COVID19ak sortutako pandemiarengatik eta egoera honek gogor astindu du antzerkiaren mundua. Baina aldi berean antzerkia eta zuzeneko emanaldiak inoiz baino garrantzitsuagoak eta beharrezkoagoak direla erakutsi digu. Lehendik ere esperientzia kolektiboak bizitzeko beharra baldin bagenuen, musukoen, kontaktu fisiko debekatuen eta pantailen bidezko harremanen garai berri honetan inoiz baino gehiago sentitu dugu behar dugula antzerkiak eskaintzen digun dentsitate fisikoa, kontaktu zuzena, komunikazioa, giza-emozioa. Gure emozioak eta ideiak zuzenean komunikatzeko beharra.

Bestalde, gizarte kontsumitzaile honi aurre egiteko antzerkiak eskaintzen digun kontrapuntua ere ezinbestekoa da. Gizarte honek daraman inertzia merkantilistak bezero bihurtu nahi du gizakia beste ezeren gainetik, kontsumitzen duen eta kontsumitzeko lan egiten duen gizabanakoa. Hortik urruntzeko gure espiritu kritikoa eta gure emozioak elikatuko dituzten esperientziak behar ditugu. Zenbakiek, portzentajeek, kalkulu orriek jaso ezin dutena jasotzen du arteak, kulturak: ematen digu emozioa, ematen dizkigu tresnak mundua ulertzeko eta zalantzan jartzeko, ematen digu mundu berriak irudikatzeko aukera… Eta guzti hau edertasunaren lehengaia erabiliz. Ez dago tresna eraginkorragorik gure muinetara heltzeko edertasuna baino. Izan ere, ezin da ezer ikasi ez badago emoziorik. Arteak eskaintzen digun edertasun estetikoak emozioaren gailurrera eraman gaitzake. Eta handik goitik gauza asko ikusten da.  Besteak beste, mundua bakoitzaren mundutxoa baino askoz zabalagoa dela, eta mundu bakar batean mundu asko kabitzen direla. Horregatik ere antzerkia bada enpatiarako tresna, besteen arrazoiak eta errealitateak ikusteko leiho batzuetan gogor baina beti eder bat.

Fikziozko lan on batek beti ezkutatzen du egia bat. Norbaiten egia. Obra idatzi zuenaren egia, antzezten duenaren egia… Hunkitzen gaituzten lanek beti daramate egia bat. Antzerkiak eta fikzioak orokorrean egia horiek jasotzeko eta sentitzeko jarrera ezin hobean jartzen gaituzte, obra bat ikusten ari garenean geure burua ahaztu egiten dugulako une batez. Geure iritzi eta batez ere aurreiritzien desaktibazio moduko bat gertatzen da eta honek beste mundu batean sartzea ahalbidetzen digu. Orduan, konturatu gabe, mundua beste norbaiten begietatik ikusten hasten gara. Beste norbaiten egiatik. Horregatik bakarrik, antzerkiak duen benetakotasun horregatik, ezin dugu galdu antzerkia. Ezin gara galdu antzerkirik gabe.

Etorkizunerako Mezuak:

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *